

Otsoa ugaztun haragijale bat da,Carnivora ordenekoa.
Otsoak oso garatuta ditu zentzumenak: usaimen ona eta gauez ikusteko gaitasuna. Belarri zorrotzak, mutur luzea eta hortz indartsuak ditu eta oso animalia buru-argi eta gogorra da. Horregatik bizirauten du munduko leku askotan.
Otsoak taldeka bizi dira eta ehizatu ere taldean egiten dute. Horretarako, lana taldekideen artean banatuta dago eta eurak baino animalia handiagoak ehiza ditzakete horri esker. Animalia bat ikusten dutenean, beraren atzetik abiatzen dira korrika. Gero, gainera salto egin eta hortzak eztarrian sartzen dizkiote, itotzeko. Otsoa haragijalea da eta altzeak, untxiak, oreinak edo basurdeak jaten ditu. Baina batzuetan gizakiaren lurretara sartzea beste erremediorik ez du, lur basati gutxi gelditzen delako, eta ganaduari erasotzen dio. Gainera, gosete handia badago, sarraskia eta frutak ere jan ditzake.
Taldeko bikote nagusia izaten da erreproduzitzen dena. Bikote handi eta indartsuena izaten da hau. Otsoak umealdi bakarra izaten du urtean. Sei hilabetez kumeak sabelean eraman ondoren, otsemeak hiru kumetik zortzira izan ditzake. Eta ugaztunak direnez, hilabete batez esnea ematen die. Bi hilabeterako, taldeko edozein otsok ematen die haragia otsokumeei. Lehenengo mastekatu eta ondoren kumeei ematen diete jateko. Gainera talde osoak babesten ditu otsokumeak harraparietatik.
Otsoei ikaragarri gustatzen zaie jolastea. Bata bestearen atzetik korrika eta lurrean bueltaka aritzen dira eta borrokan ari direla ematen du. Baina benetan nagusitarako prestatzeko balio dute jolasok. Garbitzeko, ibaietan bainatzen dira eta logura badira, berdin zaie elur gainean lo egitea. Gainera, oso animalia sozialak dira eta otsoren batek arauak hautsi ezkero, zigortua edo taldetik kanporatua izan daiteke. Nagusiak buztana gorantz eta burua tente eramaten du, nor den aditzera emateko.
Otsoak bere lurrak markatzen ditu bere usainarekin eta ez du inolaz beste talderen bateko otsoak bertan egoterik uzten. Eta gainera egunero zaintzen ditu bere eremuak beste otsoek bertan ehizatu ez dezaten.